
Bilboko Udalarekin lankidetzan
Bilbao Balioen Hiria Sariak
Gazteen konpromisoa aitortzea giza eskubideekiko eta hiriaren balioekiko.
Aitorpena
Sari bat gazte konprometituentzat
Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioarekin elkarlanean, Bilboko Udalak deialdi berezi bat sortu du Bilbao Balioen Hiria Sarien barruan, gazteek Giza Eskubideekiko, justizia sozialarekiko eta hiriaren balioekiko duten konpromisoa sustatzeko, ikusarazteko eta aitortzeko.
Lehen edizioan, epaimahaiak Kamanga Influencers Club-en «Nacemos donde queremos» ikus-entzunezko proiektua saritu zuen, giza balioak eta kulturartekotasuna erakusteko originaltasunagatik eta kalitate tekniko handiagatik.

Oinarri arautzaileak
«Bilbao Balioen Hiria – Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa Sariak»
Bilbao Balioen Hiria Bilboko Udalak bultzatutako proiektua da, baina hasieratik herritarren lankidetzarekin eraiki eta garatu dena. Datozen urteetako Bilboren balioen esparru bat zabaltzea, babestea eta garatzea da proiektuaren helburua.
Deialdia
1. Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea da «Bilbao Balioen Hiria – Robert F. Kennedy Spain Fundazioa» sariketa arautuko duten oinarriak ezartzea, Bilboko Udalak urtero deitzen dituen Bilbao Balioen Hiria Sariak ekimenaren barruan. Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioarekin elkarlanean garatutako ekimen honen helburua da gazteen artean Giza Eskubideekiko, justizia sozialarekiko eta Bilboko Udalaren Balioen Agirian jasotako balioekiko konpromisoa sustatzea, ikusaraztea eta aitortzea.
Giza Eskubideen defentsan oinarritutako ikus-entzunezko lan baten sorkuntza sarituko da, gazteen adierazpen kritiko eta sortzailea bultzatuz eta hiri bidezkoago, inklusiboago eta kohesionatuago baten eraikuntzan duten inplikazioa sustatuz.
2. Deialdia egiten duten entitateak
Sariketa honako entitate hauek deitzen dute elkarlanean:
- Bilboko Udala, Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Sailaren bidez.
- Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa, bi entitateen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera.
3. Parte-hartzaileak eta kategoriak
Deialdia 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute, gehienez bost pertsonako taldeekin proposamen bakoitzeko. Bi kategoria ezartzen dira:
- A kategoria: 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.
- B kategoria: 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat.
Adingabeen kasuan, derrigorrezkoa izango da aitak, amak edo legezko tutoreak sinatutako baimena aurkeztea.
4. Sariak
Kategoria bakoitzeko sari bat emango da:
- A kategoria (14–17 urte): Fundazioak talde irabazlea (gehienez 5 pertsona) Madrilen egingo den tailer batera gonbidatuko du, sormena eta Giza Eskubideak ardatz hartuta. Halaber, taldeak Donejakue Bidea osatzeko bidaia egingo du, Estatu Batuetako, Ukrainako, Mexikoko eta Espainiako nazioarteko gazteekin batera. Fundazioak bere gain hartuko ditu garraio-, ostatu- eta mantenu-gastuak, eta taldeak garaikur edo oroitzapenezko plaka bat jasoko du.
- B kategoria (18–30 urte): Fundazioak talde irabazlea (gehienez 5 pertsona) Madrilen egingo den Giza Eskubideei buruzko tailer berezi batera gonbidatuko du. Halaber, taldeak Italiara bidaia egingo du (asteburu bat gutxi gorabehera), Giza Eskubideekin lotutako lekuak bisitatzeko. Fundazioak bere gain hartuko ditu garraio-, ostatu- eta mantenu-gastuak, eta taldeak garaikur edo oroitzapenezko plaka bat jasoko du.
Pertsona sarituek banaketa-ekitaldira bertaratu beharko dute, behar bezala jakinarazitako eta justifikatutako arrazoirik ezean. Epaimahaiak deialdia hutsik geratzea erabaki ahal izango du.
5. Parte hartzeko baldintzak
Parte hartzeko, interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Adierazitako bi adin-kategorietako batekoa izatea.
- Adinez nagusi diren parte-hartzaileek Bilboko Balioen Agiriarekin bat eginda egon beharko dute eskaera aurkezteko unean.
- Jatorrizko eta argitaratu gabeko ikus-entzunezko lan bat aurkeztea, Bilborekin lotura duena.
- Izena emateko inprimakia behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztea, erantzukizun-adierazpena barne.
- Oinarri hauek eta ezarritako baldintzak espresuki onartzea.
- Adingabeen kasuan, dagokion legezko baimena aurkeztea.
6. Lanen formatua eta gaia
Lanak ikus-entzunezko edo dokumental formako piezak izan behar dira, gutxienez 3 minutuko eta gehienez 6 minutuko iraupenarekin.
Gaia Giza Eskubideen defentsa aktiboan ardaztuko da, bai Bilbon girotutako kontakizun baten bidez, bai Bilboko Giza Eskubideen arloko pertsona edo kolektibo erreferente batean oinarrituta. Bilboko Udalaren Balioen Agirian (ikus 1. eranskina) eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako balioekin bat etorri beharko du.
Era berean, Robert F. Kennedyren ondarea jaso eta ikusarazi beharko du, eskubide zibilen defentsa, aukera-berdintasuna, justizia, giza duintasuna eta herritarren inplikazioa azpimarratuz, gizarte bidezkoago eta demokratikoagoak eraikitzeko.
Sormena, mezuaren sakontasuna, kalitate teknikoa eta gizartea sentsibilizatzeko gaitasuna baloratuko dira. Testua (ahozkoa zein idatzia) ele bitan (euskaraz/gaztelaniaz) egon beharko da; lan guztiek genero-ikuspegia txertatu eta hizkera ez-sexista erabili beharko dute.
7. Hautagaitzen aurkezpena
Lanak Robert F. Kennedy Spain Fundazioaren webgunean eskuragarri dagoen inprimaki baten bidez aurkeztu beharko dira, deialdi bakoitzean ezartzen den epearen barruan.
Eskaerarekin batera honako hau aurkeztu beharko da:
- Izena emateko inprimakia, behar bezala beteta eta sinatuta.
- Egilearen erantzukizun-adierazpena, aurkeztutako lana originala dela, hirugarrenen eskubideak urratzen ez dituela eta bertan agertzen diren pertsonen irudia eta ahotsa erabiltzeko beharrezko baimenak dituela adieraziz.
- Adingabeen kasuan, legezko ordezkariaren baimen espresua.
- Ikus-entzunezko fitxategia.
8. Balorazio-irizpideak
Epaimahaiak proposamenak modu integralean eta haztatuta baloratuko ditu, honako irizpide hauen arabera:
- Sarien gaiari eta helburuei egokitzea.
- Ikuspegiaren originaltasuna eta sormena.
- Aniztasuna eta belaunaldien arteko inklusioa obran.
- Kalitate tekniko eta narratiboa (irudia, soinua, edizioa, erritmoa, mezuaren argitasuna).
- Inpaktu sozial, hezitzaile edo eraldatzailea.
9. Epaimahaia
Epaimahaia Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 1/2022 Legea kontuan hartuta eratuko da, eta Bilboko Udalaren eta Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioaren ordezkariek osatuko dute; Giza Eskubideetan, hezkuntzan, komunikazioan edo ikus-entzunezko sorkuntzan adituak diren pertsonak ere kide izan daitezke.
Erabakia gehiengo soilez hartuko da eta ezingo da errekurtsorik aurkeztu. Epaimahaiak edozein kategoria hutsik gera daitekeela erabaki ahal izango du, eta oinarri hauek interpretatzeko eskumena izango du, beharrezkoa denean.
10. Sarien banaketa
Sariak ekitaldi publiko batean banatuko dira, Bilboko Udalak antolatuta eta Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioarekin lankidetzan, Bilbao Balioen Hiria Sarien esparruan, parte hartu duten gazteen talentua, sormena eta konpromisoa ikusarazteko eta aitortzeko.
11. Egile-eskubideak eta irudi-eskubideak
Aurkeztutako lanek erabat originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Erabilitako musikak egile-eskubiderik gabekoa edo behar bezala lizentziatua izan beharko du, legez lortutako erabilera-baimenarekin.
Parte-hartzaileen ardura izango da aurkeztutako piezak hirugarrenen eskubiderik ez urratzea. Antolatzaileek ez dute erantzukizunik izango egile-eskubideen edo datu-babesaren arloan gerta daitezkeen arau-hausteengatik.
12. Adingabeen babesa
Adingabeen kasuan, derrigorrezkoa izango da legezko ordezkariak sinatutako baimena izatea, bai parte hartzeko, bai haien irudia, ahotsa edo beste edozein datu identifikagarri erabiltzeko. Baimen-eredu bat Fundazioaren webgunean egongo da eskuragarri, eta behar bezala beteta eta sinatuta erantsi beharko da.
13. Datuen babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (EB 2016/679 Erregelamendua – DBEO) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz, Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa izango da izena emateko inprimakien bidez emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, izen-ematea, parte-hartzea, ebaluazioa eta, hala badagokio, sariak ematea kudeatzeko helburuarekin.
Parte-hartzaileek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko eta eramangarritasunerako eskubideak baliatu ahal izango dituzte, Fundazioari zuzendutako eskaera baten bidez, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (AEPD) erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute beren eskubideak urratu direla uste badute.
14. Oinarrien onarpena
Eskaera aurkezteak oinarri hauen onarpena dakar, espresuki eta osorik.
Era berean, parte-hartzaileek antolatzaileei lagatzen dizkiete lanaren irudiak eta edukiak komunikazio publikoan, erreprodukzioan eta banaketan erabiltzeko eskubideak, deialdiarekin lotutako komunikazio-ekintzen esparruan, inolako ordainsari ekonomikorik sortu gabe.
1. eranskina. Bilboko Balioen Agiria
Bilboko Balioen Agiriak balio indibidual eta kolektiboen gutxieneko izendatzaile komun bat identifikatzen du, mantendu, babestu eta garatu beharreko ezaugarri gisa. Hiriko hainbat eragileren parte-hartzearekin garatu zen eta 2018an Osoko Bilkuran onartu. Hiria ezaugarritzen duten 17 balioak biltzen ditu, datozen urteetako Bilboren garapena gidatu behar dutenak.
17 balioak
Giza eskubideen errespetua
Bilboko biztanleak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatutako eskubide eta askatasun guztien jabe dira, berdinak, besterenezinak eta unibertsalak. Gure hirian bizi diren pertsona guztien oinarrizko eskubideak errespetatzeko, bermatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Justizia soziala
Ondasun sozialen bidezko banaketa lortzea, pertsona guztien duintasuna eta gizarte-kohesioa bermatuz. Aberastasuna birbanatzeko mekanismo eraginkorrak ahalbidetzeko konpromisoa hartzen dugu, oinarrizko askatasunak baliatzeko gutxieneko baldintza materialak bermatze aldera.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna
Pertsonen duintasun unibertsalean oinarritutako balioa, diskriminaziorik eza eta aukera- eta baliabide-berdintasuna dakartzana. Emakumeen presentzia aktiboa eremu guztietan sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasunaren alde egiteko eta genero-indarkeriaren aurrean tolerantzia zerorako konpromisoa hartzen dugu.
Elkartasuna
Egoera bidegabeen aurrean erantzukizun partekatua aitortzea. Bidegabekeria-egoerei buelta emateko jarduteko konpromisoa hartzen dugu, egoera ahulean edo desabantailan dauden pertsonen edo taldeen alde eginez.
Aniztasuna eta inklusioa
Pertsonen arteko aldeak errespetatzea, euren orientazio edo nortasun sexuala, kultura, erlijioa, aukera ideologikoa, gaitasun funtzionala edo beste edozein inguruabar zeinahi izanda ere. Aniztasuna ikusarazteko, ingurune baztertzaileak ezerezteko eta sektore anitzen parte-hartzea eta inklusioa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Konpromisoa
Gure hiria osatzen duten pertsonek, banaka edo taldean, beren gaitasunak guztion ongiaren zerbitzura jartzeko onartzen dituzten arduren multzoa. Gure baliabideak eta bitartekoak helburu kolektibo partekatuen zerbitzura jartzeko konpromisoa hartzen dugu.
Ingurumen-jasangarritasuna
Gure hiriko ekosistema epe luzean gordetzea bermatuko duten giza jardueren garapena. Ingurumen-kontzientzia bultzatzeko, kontsumo-ereduak aldatzeko eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu.
Elkarbizitza
Beste pertsona batzuekin errespetuz eta tolerantziaz bizitzea, umeen, adinekoen eta gure inguruan dauden pertsonen ongizateaz arduratuz. Elkarbizitzarako espazioak sortzeko konpromisoa hartzen dugu, errespeturako, elkarren zaintzarako eta hirira etortzen direnen harrerarako.
Nortasuna
Gure ezaugarri eta balio propioen multzoa —historia, kultura, memoria eta tradizioak—, nortasunak ezaugarri sortzaile, ireki eta kulturarteko berriak hartuz eboluzionatzen duela jakinik. Ezaugarri horiek gordetzeko eta gure hirira batzen direnen ekarpenak txertatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Esfortzua
Helburuak lortzeko gaitasuna eta adorea, proaktibitatea eta profesionaltasuna baliatuz eta zailtasunak gaindituz. Profesionaltasunetik eta esku-zabaltasunetik abiatuta, hiri gisa ezartzen ditugun hobekuntza-helburuak lortzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartzen dugu.
Erantzunkidetasuna
Pertsonek, erakundeek, enpresek eta entitateek konpromiso eta betebehar partekatuak hartzeko eta haien ondorioak onartzeko duten gaitasuna. Auzokoen arteko erantzunkidetasuna sustatzeko eta horretarako egiturak eta prozesuak errazteko konpromisoa hartzen dugu.
Parte-hartzea
Entzunarazteko, erabakietan eragiteko eta ekimen eta proiektuetan erantzunkidetasunez lan egiteko mekanismoen bidez bizikidetza hobetzen laguntzea. Pertsonak parte-hartze prozesuetan erakartzeko konpromisoa hartzen dugu, egoerarik ahulenean dauden kolektiboekiko sentiberatasun bereziz.
Konfiantza
Pertsonen jokamoldea zintzoa eta elkarlanezkoa izango dela itxarotea, aurreiritziei eta estereotipoei aurre eginez. Elkarrenganako konfiantza sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, elkarrizketarako eta lankidetzarako espazioak sortuz eta gardentasunez eta egiazkotasunez jokatuz.
Sormena
Jakin-nahia eta pentsamendu kritikoa baliatuz zerbait originala sortzeko gaitasuna, berrikuntzaren oinarria. Sormena pizteko ingurune aproposa sortzeko eta guztion onerako berrikuntzarako tresnak emateko konpromisoa hartzen dugu.
Zintzotasuna
Pertsonen zein erakundeen jokamolde egoki eta ondratua, gardentasuna elkarrenganako konfiantza finkatzeko ezinbesteko elementu izanik. Jokamoldean zintzotasuna finkatzeko eta gardentasunaren kultura sendotzeko konpromisoa hartzen dugu.
Ilusioa
Bizitzarekiko jarrera positiboa eta gure hiria hobetu dezakegulako uste sendoa, borondatea eta determinazioa lagun. Errealitate eta lorpenetan oinarritutako ilusio-, itxaropen- eta baikortasun-giroa sortzeko konpromisoa hartzen dugu.
Osasuna
Bizi-kalitatea hobetzen duten ohitura osasungarriak indartzera zuzendutako bizimodua eta hiri-eredua. Ohitura osasungarriak zabaltzeko, elikadura-kultura hobetzeko eta osasunerako kaltegarriak diren substantzien kontsumoa murrizteko konpromisoa hartzen dugu.
Zure hautagaitza bidali aurretik
Izena ematea eta lana bidaltzea orri honen amaieran aurkituko duzun inprimakiaren bidez egiten dira. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, bi kategoriatan: 14–17 eta 18–30 urte.
Adingabeentzako baimena
Hautagaitzan adingabeek parte hartzen badute, ama, aita edo legezko ordezkariak sinatutako Parte-hartze eta irudi-erabilerarako baimena erantsi beharko duzu.
Deskargatu eredu ofiziala: Baimena deskargatu (PDF).
Gomendatzen dizugu inprimakia hasi aurretik betetzea eta sinatzea, prest izateko eta izen-ematean eskatzen denean igotzeko.
Nola partekatu zure bideoa esteka baten bidez
Fitxategi handiak igotzean arazoak saihesteko, igo zure bideoa hodeiko biltegiratze-plataforma batera eta itsatsi inprimakian partekatzeko esteka. Ziurtatu fitxategia esteka horren bidez eskuragarri geratzen dela. Aukera hauetako edozein erabil dezakezu:
- Google Drive: igo zure bideoa eta sortu partekatzeko esteka bat, ikusteko baimenarekin. Gida ofiziala
- Microsoft OneDrive: igo bideoa eta partekatu esteka-aukeraren bidez, baimenak berrikusiz. Gida ofiziala
- Dropbox: igo bideoa eta sortu fitxategi edo karpetarako partekatzeko esteka bat. Gida ofiziala
- WeTransfer: igo bideoa eta sortu transferentzia-esteka bat inprimakian itsasteko. Gida ofiziala
Garrantzitsua: inprimakia bidali aurretik, egiaztatu hau:
- Esteka behar bezala irekitzen dela.
- Fitxategia oraindik eskuragarri dagoela.
- Ez duela sarbiderako eskuzko baimenik eskatzen.
- Bideoa estekatik erreproduzitu edo deskargatu daitekeela.
Hautagaitzak
Deialdia itxita dago
Bilbao Balioen Hiria Sarien uneko edizioa jada ebatzi da. Deialdi berri bat irekitzen denean, hemendik eman ahal izango duzu izena. Edozein zalantza izanez gero, idatzi guri.